Ezpeleta deitu nafartar baroien erdi-aroko jauregiaren gerizapean hedatua. Ezpeletako (ezpelez landatu tokia) herriak bi milako bat biztanle ditu, kantonamenduko hiriburua da, huntan barne direlarik Sara eta Lapurdiko San Mixel Garikoitz parropiako beste bost herriak : Zuraide, Ainhoa, Itsasu, Luhuso eta Kanbo.
Jondoni Extebe eliza XVI-XVII. mendetakoa da, herriko bigarren monumentu historikoa da : guziz aipagarriak dira hunen ezkila-dorre nagusia, Errenazimendu garaiko elizatea, hiru galeria estaiak, XVIII. mendeko erretaula eta euskaldun bi saindu ospetsuak, Loiolako Iñigo eta Xabierreko Frantses Parisen ikasle zirenean, agertzen dituen koadro guziz ederra.
Ohiko laborantza moldeari arras atxikia izanik, Ezpeletak bokazio turistikoa garatzen jakin du, lekuko direla hainbat komertsio eta eskulangintza mota, zurrategia edo taneria, txokolategia eta, nola ez, bipergintza.
200 haurrez goiti eskolatuak dira lehen maileko hiru ikastetxetan : Jondoni Extebe eskola katolikoan, herribarneko eskola publikoan eta Basaburu auzokoan.
Hogoi bat kirol, kultur edo laguntza elkarteek garrantzizko lana daramate, herriko elkarbizitza goxoagotuz antolatzen eta eskaintzen dituzten ekimen eta astialdien bidez. Parropiako kermeza adibidez, urteroko ekainaren hirugarren igandean, herri-bizitzaren batasunaren indartzaile izaiten da.
Biper pesta eta pottoka feriaz gain, Ezpeletarentzat ohoragarri dira herriko seme ospetsu hauen izenak : XIX. mendean bizi izan zen Armand David landare-ikerle misionest lazarista ; Jean-Pierre Urkia Jaun Apezpikua, Laos-eko Paksé hirian bikario apostoliko izana ; eta, nola ez, Roger Etchegaray Kardinala.