13-garren mendean Lesaka zuen izena.
Artzamendi eta Mundarrain-en gerizapean Errobi ibaiaren bazterrean kokatua, eremuz lau mila ektara dauzka, biztanleak bi mila.
Eliza : 17-garren mendeko eraikuntza eder eta aberats hori Jondoni Murtuts-eri kontsekratua izan da. Bere itzulian dauka harri biribilez ongi ornitua den hilerria eta barnean Murillo-k tindatua dukeen Asiseko San Frantses-en kuadroa.
Nola ez aipa, iraultza denboretan, Pierre Iharour, 21 urteko gazteak, Elizako untzi sakratuen gorde lekua ez salatzea gatik, jasan pairamenak !
20-garren mendeko guduken oroitarriak ere ikus ditaizke herrian banaturik.
Itsasuko gereziaren fama hedatua balin bada, bertze arloetan ere bada aipatzekorik : ofiziale eta laborari erneak elkarlanean ederki ari dira. Alzueta-ko lan zelaiak ere enplegu parrasta ederra segurtatzen du.
Bertzalde, gure herriak, bederatzi jatetxe eta bere zazpi ostatuekin, lekuko jendeari edo kanpokoari, harrera ona eskain dezake.
Herriko bi eskoletan, orotarat, 200 bat haurrek elebitasunaren hautua egina dute, bertze 30 bat ikastoletan dabiltzalarik.
Itsasu bizi delako seinale, herri huntan badira 30 bat elkarte, kultura, kirola eta bertze arloetakoak, horieri doazkioten muntadura guziekin.